Kortxoenea gaztetxea
Denon etxea auzolanez eraikitzen
Denon etxea auzolanez eraikitzen
mai 16th
AHT (TAV) GELDITU Mobilizazio Deialdia-Convocatoria Movilización
1. EUSKARA
2. CASTELANO
Gaiak:
-Ekainak 2an Mobilizazio nazionala AHTren Obrek Hernanin kalteturiko eremura
-Atxikimendu bilketa
-AHTren kontrako 11 aurkari epaituko dituzte maiatzaren 29an Donostian
-Desjabetzen aurkako kontzentrazioak
-Hitzaldi Zikloa
Temas:
- Movilizacion nacional el 2 de junio a la zona afectada por las obras del
TAV en Hernani
- Recogida de adhesiones -Nuevo juicio contra 11 opositores al TAV el 29
de mayo en Donostia
-Concentraciones contra expropiaciones
-Ciclo de charlas
1. EUSKARA
AHT GELDITU! ELKARLANAK URUMEAKO BAILARAN “EUSKAL Y”AREN OBRAK KALTETURIKO
EREMURA MOBILIZAZIO NAZIONALA DEITU DU EKAINAREN 2AN:
Ekainak 2 larunbatean, AHT GELDITU! Elkarlanak mobilizazio nazionala deitu
du Hernanin “Euskal Y”-aren eraikuntza-lanek kalteturiko eremuan giza-kate
bat eginez ekonomian, jendartean eta ingurugiroan kalte larriak eragiten
ari den makro-proiektu hori geldi dadin aldarrikatzeko. Hori dela eta,
arratsaldeko 17’00etan Hernaniko Osinaga auzoko Elorrabi sagardotegiko
aparkalekutik abiatuta egingo den mobilizazio honetan parte hartzeko dei
egiten diegu AHTren aurkako iritzia duten pertsona eta erakunde guztiei.
Hain zuzen, herriaren erdialdetik 2 kilometrotara dago AHTren obrak
kalteturiko Elorrabiko erribera hori, eta bertan, AHTa salatzeko egun
berean herrian antolatu den Urumeako ibaiaren jaitsierari babesa emateko
ibaiertzean 15’30etarik aurrera egingo den elkarretaratzearen ondoren,
17’00etan abiatuko da AHTak Hernaniko Osinaga auzoan kalteturiko
sagagardotegi eta baserri lurrak bidez-bide inguratuko dituen giza-katea.
Hortaz, ahalik eta
herritar gehien mobilizazio egun honetara biltzeko dei egiten dugu,
AHTren eraikuntza-lanek Urumea bailarako bazter hauetan eragiten ari
diren hondamena bertatik bertara salatzeko eta proiektu txikitzaile honen
aurkako herritarren errefusapena adierazteko. Egun honek, bestalde,
protestan parte hartzeko aukera desberdinak emango ditu, bai Hernaniko
AHTren aurkako taldeak deituta Ereñozutik goizeko 11ak aldera abiatuko
den Urumearen jaitsierara bilduz eta bai arratsaldeko 17’00etan
Elorrabitik abiatuta AHTren obrak kalteturiko ingurura egingo den
giza-katean parte hartuz. Oinezko martxa hori Karabelgo zubian amaituko
da, eta hor ibaiaren jaitsierako baltseroek egingo duten kalejirarekin
elkartuta, herri-gunean AHTren aurka manifestatuko gara.
Ekainaren 2an mobilizatzeko deialdia egitearekin batera, AHT GELDITU!
Elkarlanak gogor salatu nahi du Gasteizko, Iruñeko eta Espainiako
Gobernuek, murrizketa sozial izugarriak pairatzen ari garen une honetan,
831 milioi euro inguru xahutu asmo dutela aurten AHTren lanetan:
horietatik 695 milioi euro “Euskal Y”-an eta beste 136 milioi euro Nafar
Korridorean. Hots, jendarteak dauzkan behar ekonomiko, sozial eta
kulturalak aintzat hartu gabe eta ingurumenari izugarrizko kaltea
eraginez, “inbertsio” publikoa delakoaren osoaren %60 baino gehiago AHTren
obran alperrikaltzera doaz. Esan nahi baita, gutxi axola zaizkiela
murriztuak izaten ari diren edota zuzenean bete gabe gelditzen ari diren
behar sozialak, etxebizitzari, hezkuntzari edota osasunari dagozkionak,
baita bizi garen lurralde aski hondatuan AHTren lanekin eragiten ari diren
itzulerarik gabeko kalteak ere. Era eskandalagarrian, geroz eta handiagoa
da AHTren lanetan egiten den gastua eta
egitasmo honen “arrakasta” eraikitzen ari diren kilometroen kopuruan
neurtzen dela ematen du besterik gabe, gobernuek krisiaren kostuak
sektore herrikoien bizkarretan kargatzen dituzten eta eguneroko
bidegabekeriak gogortzen doazen bitartean. Horregatik, gobernuek AHTan
egiten ari diren baliabide publikoen xahuketa itzel hori salatzen dugu,
ingurumenari kalte latzak eragiteaz gain jadanik ondorio sozial oso
larriak ere ekarri dituelako berekin, egitasmo erraldoi horren funtsezko
izaera anti-soziala, anti-ekologikoa eta xahutzailea ageriagoan
jarriz.
Horrenbestez, AHT GELDITU! Elkarlanak berriro dio arrazoi asko dagoela
egitasmo honen obrak gelditzeko eta AHTa sekula abian jarri behar ez den
munstrokeria bat dela esateko. Besteak beste, “Euskal Y”-aren
errentagarritasun ekonomikoa eta AHTren erabilgarritasun soziala hutsak
izateaz gain, jendartean inolako adostasunik eta zilegitasun publikorik
gabeko azpiegitura handi horren eraikuntzak eta funtzionamenduak zuzenean
kalteturiko herrien ingurumenari eta bizi-kalitateari eragindako kalte
latzak azpimarratu behar dira. Honi dagokionean, AHTren eraikuntza-lanek
lurraldearen kudeaketan herrien eta udalen subiranotasuna zeharo zapuztuz
nola aurrera darraiten ikustea baino gauza iraingarriagorik ez dago:
Hernaniko udalerrian, kasu, AHTren inpaktu bortitza dela-eta Urumea
bailaran eta Onddi-Adarra mendi magalean ongi kontserbaturiko
nekazaritzarako lur-eremuak eta baserrialdeak duela zenbait astez geroztik
erabat degradatuak izaten ari dira. Herri-ondare
aparta eta Gipuzkoako nekazaritza-zonarik onenetakoa den ingurune hori
gupidarik gabe suntsitua, zatikatua eta hormigonatua izaten ari da,
paisaiari kolpe latza emanez eta bertakoek hain gogoko duten natur zein
baserri giroko ingurune horren hondamena eraginez; eta galera honi AHTren
egitasmoak Urumea ibaiaren ibaiertzetan eta erriberetan eragindako
suntsiketa gehitu beharko zaio gero, non azpiegitura handi hori itzelezko
aberrazio urbanistikoa izango den, bailara erabat erdibituko duen
porlanezko itzelezko langa artifizial bat altxatuz Urumea behin eta
berriz gurutzatuko duten biadukto eskergekin. Ez alperrik, Eusko
Jaurlaitzak berak “Euskal Y-aren egitasmo osoko inpaktu handiena eta
garrantzitsuena” Urumea bailaran sortaraziko zela onartu egin zuen,
egitasmoak eragindako kalteen berebiziko larritasuna aitortuz. Bestela
esateko, AHTren megalomaniak lurraldea suntsitzen du eta Urumea garraio
azpiegitura handien eragipean itota eta setiatuta geratzen
ari da, harik eta Urumeako Autobidearen, A-8 Autopistaren Bigarren
Gerrikoaren eta orain “Euskal Y”-aren pilaketarekin, bailara
beldurgarrizko zonalde periferiko eta gris batean bihurtu arte,
lurraldearen natur balioei nahiz landa eremuko ondasunei eta beraz herri
osoari galera nabarmena ekarrita.
Horregatik guztiagatik, Elkarlan honek AHTren zentzugabekeria ekologikoa,
soziala eta ekonomikoa berriro ere salatu eta berori geldiarazteko
borrokarekin aurrera segitzeak duen garrantzia azpimarratu nahi du. Izan
ere, AHTren aurkako erantzuna gure ustez etorkizunari begira egindako
apostu bat ere bada, hain zuzen ere ekologikoki jasangaitza den eta
sozialki geroz eta gehiago zalantzan jartzen ari den egungo eredu
ekonomiko eta sozialaren eraldaketa sakon baten alde egindako apostua. Hau
da, auzi honetan gure herriarentzat nahi dugun garapen-ereduaren, lurralde
antolaketaren eta, azken batean, jendarte ereduaren giltzarrietako asko
gordetzen dira. Eta ondorioz, gaur egun sistema kapitalistaren aurrean
bestelako alternatibak eraikitzeaz eta euskal herritarrek beren
etorkizunaren gainean erabakitzeko duten gaitasunaz zuzenki geroz eta
gehiago hitzegiten denean, ezin dugu ingurumenean eta gizartean dituen
eragin bortitzengatik eta bere kostu ekonomikoen
tamaina itzelarengatik gure herriarentzat edonolako gizarte eta ekonomia
eredu alternatibo hipotekatzea dakarren megaproiektu horren inposizioa
onartu.
Hori denagatik, ekainaren 2an Hernanin AHTren obrek kalteturiko eremura
egingo den mobilizazioan parte hartzeko dei egiten dugu.
Sostengu bilketa eta deialdia zabaltzeko laguntza:
Ekainaren 2an Hernanin egingo den mobilizazioaren deialdia
sostengua eman nahi dioten era guztietako talde eta erakundeen
atxikimenduei zabalaik dago.
Bestalde, deialdia zabaltzeko materiala eskuratu nahi baduzue (kartelak,
hitzaldien egitarauaren trptikoak…), harremanetan jar zaitezte.
Zuen parte hartzea espero dugu beraz, baita zuek informatu eta animatuko
dituzen lagunena ere.
AHTren kontrako 11 aurkari epaituko dituzte maiatzaren 29an Donostian:
Halaber, AHT GELDITU! Elkarlanak datorren maiatzaren 29an
Donostian epaituko dituzten AHTren kontrako 11 aurkariekiko elkartasuna
agertzen du. Auziperatuei 2 urtetik gorako espetxe zigorrak eskatzen
dizkiete 2008ko abuztuaren 3an hiri-erdialdean egin zen AHTren kontrako
protesta ekintza batean parte hartzeagatik. Epaiketa 10etan hasiko da.
Hori dela eta, epaitegiaren aurrean goizeko 9’30etatik aurrera egingo den
sostengu kontzentraziora biltzeko dei egiten dugu. Izan ere, epaiketa
honen harira, bai eta Yolanda Barcina nafar lehendakariari tartak
botatzeagatik Espainiako Entzutegi Nazionalean 4 eta 10 urte bitarteko
espetxe zigor neurrigabekoak eskatzen dizkieten AHTren aurkako Mugitu!
desobedientzia mugimenduko lau ekintzaileen kasuan ere, gobernuek borroka
sozialekiko errepresioa gogortzen ari direla salatzen dugu, herritarren
askatasuna are gehiago murriztuz eta desobedientzia zibilia
kriminalizatuz.
Desjabetzen aurkako kontzentrazioak:
-Adunan, maiatzaren 23an, goizeko 8’30etan Udaletxearen atarian.
-Andoainen, maiatzaren 29an, 8’30etan Udaletxearen aurrean.
“Rio+20” Garapen Iraunkorraren Gailurrari erantzuteko eta Val Susako NO
TAV Mugimenduaren irakaspenak partekatzeko hitzaldi zikloa antolatu du
Elkarlanak:
Azkenik, egun horietan hainbat herritan hitzaldiak eta eztabaidak antolatu
ditu Elkarlanak, ekainean ospatuko den Nazio Batuen “Rio+20” Garapen
Iraunkorraren Gailurrari erantzuteko eta Val Susako NO TAV mugimenduarekin
bat egiteko. “Garapen Iraunkorraren mitoa hutsik. AHT GELDITU!”
izenburupean egingo den hitzaldi ziklo honekin, Val Susako AHTren aurkako
mugimenduaren irakaspenak partekatu eta nazioarte mailan “Rio+20” Lurraren
Gailurra dela eta sortu diren ekimen eta ahots kritikoekin bat egingo
dugu, hain zuzen ere azken 20 urteotan hainbeste entzundako garapen
iraunkorraren eta kapitalismo berdearen aldeko diskurtso ofizialen atzean,
mundo osoan ezin konta ahala iharduera eta politika erasokor ezkutatu dela
agerian jartzeko (egitaraua ikus).
Urrunera joan gabe, agintari gehienen esanetan AHTa eta Jaizkibelgo
Superportua “jasangarriak” lirateke, baita azken aldian Gipuzkoan
azpiegituren inguruko eztabaidan arreta bizia bereganatu duen errauskailua
ere noski. Azken honi gagozkiola, AHT GELDITU! Elkarlanak Zubietako
errauskailuaren egitasmoa behin-betiko albora uzteko eskaerarekin bat
egiten du, hondakinen errausketa oso kutsakorra, zentralizatzailea eta
xahutzailea izateaz gain, FCC eta Cementos Portland bezalako industri
korporazio eta eragile pribatu boteretsuen interesei men egiten dielako;
aldiz, atez-ateko hondakinen gaikako bilketa sustatu behar dela uste dugu,
batetik birziklapen emaitzarik onenak ematen dituen sistema delako, eta
bestetik, oso nabarmenki gainera, hainbeste hondakin kaltegarri sortzen
dituzten egungo produkzio-era eta ohitura kontsumistak zalantzan jartzera
eramanik egundoko balio pedagogikoa duelako, atez-atekoak zaborren
arazoari konponbidea emateko denon ardura
komunari dei egin eta beste modu batean bizitzera gonbidatzen bait gaitu.
Hitzaldi zikloaren egitaraua:
Maiatzak 27 Igandea:
Donostiako Kortxoenea Gaztetxean: Val Susako NO TAV Mugimenduko kideen
hitzaldia. 18’00tan.
Maiatzak 28 Astelehena:
Basauriko Gaztetxean: Val Susako NO TAV Mugimenduko kiden hitzaldia. 19’00tan
Maiatzak 28 Astelehena:
Bilboko la Bolsan: “Rio+20: Del desarrollo sostenible a la economía
verde”. Iñaki Barcena. 19’00tan.
Maiatzak 29 Asteartea:
Iruñeako Zabaldin (K/Nabarreria): Val Susako NO TAV Mugimenduko kideen
hitzaldia. 19’30tan.
Maiatzak 29 Asteartea:
Bilboko La Bolsan, “Estrategias ante las grandes infraestructuras”
hitzaldia: Mugitu!, Fracking Ez Aaraba eta DOT-Desazkundea. 19’00tan.
Maiatzak 30 Asteazkena:
Iruñeako Herriko Tabernan (K/Karmen): “AHT ETA DESOBEDIENTZIA ZIBILA”,
Mugitu! Mugimenduko kide baten hitzaldia eta solasaldia. 7etan.
Maiatzak 30 Asteazkena:
Bilboko la Bolsan: “Alternativas locales”. Atez-Atekoa, Energia Gara, EHNE.
Maiatzak 31 Osteguna:
Tolosako kultur Etxean: “GAS FRACKING”-ari buruzko hitzaldia, “Fracking Ez
Araba” taldearen eskutik. 7etan.
Maiatzak 31 Osteguna:
Bilboko Ekoetxean: Euskal ekonomiak bioanizatsunean duen eraginari buruzko
DVD emanaldia. 19’00tan.
Ekainak 1 Ostirala:
Donostiako Okendo Kultur Etxean: “DESOBEDIENTZIA ZIBILA: Mugitu eta AHTri
Desobeditu”, AHTren aurkako “tartalari”en hitzaldia. 7etan.
Ekainak 3 Igandea:
Iruñeako Errotaberri Elkartean (Errotxapea): “ZIZTADAK” dokumentalaren
proiekzioa eta solasaldia: 30 urteko desobedientzia Euskal Herrian.
Hizlariak: Mugitu!ko kide bat, intsumiso bat eta abokatu bat. 17’00tan.
Ekainak 4 Astelehena:
Donostiako Koldo Mitxelena Kulturgunean: “CUMBRE RIO+20 Y TAV: ¿Qué han
significado 20 años de desarrollo sostenible?”. Yayo Herrero, Ecologistas
en Acción erakundeko kidearen hitzaldia. 7tan.
Ekainak 5 Asteartea:
Bergarako Irizar Jauregian: “ALTERNATIBAK BESTE BIZI EREDU BATERANTZ”,
Ipar Euskal herriko Bizi! Mugimendua, Auzolan eta nekazaritza kooperatiba
baten eskutik hitzaldia. 7tan.
Ekainak 6 Asteazkena:
Oñatiko Kultur Etxean: “DESMONTANDO EL CAPITALISMO VERDE”, Yayo Herrero,
Ecologistas en Acción erakundeko kidearen hitzaldia. 18’30tan.
AHT GELDITU! ELKARLANA
Tlfnoak: 657705677 / 695715510
ahtgelditu@ahtgelditu.org
www.ahtgelditu.org