CXAaGwSWMAAlyC9.jpg large

 

KAPITALAREN URTEAN…

              ONGI ETORRI AUTOGESTIOA!

 

 

Egutegitik azken orria kentzear dugu (Kristau egutegia, noski). Eta amaitzear den urte honek (ere), ahantzi ezineko efemerideak uzten ditu arrasto. Arrasto bilakatu dute Kortxoenea Gaztetxea (Gros), eta, horma hotzeko eraikin huts ItsasGain Zentru Sozial Okupatua (Aldapeta). Gupidagabe egin dute autogestioa proiektu duten esperientzien aurka. Hala, Aste Nagusi Piratari ere ebatsi nahi izan diote jai eremua; Nautikoko DJ Gunea, alegia. Txantxarreka Gaztetxea (Antigua), berriz, mehatxu pean da. Kortxoeneari elkartasuna adieraztearekin batera, ez baitu agintari politiko berrien kontrol-baldintza gehigarririk onartu.

 

Esperientziak eta etxeak hustu eta eraisten ditu autoritateak, ez baitu autogestioa atsegin. Autogestioak edozein talde soziali ezartzen zaion autoritate oro ezabatzea bait dakar. Eta arrastoak, errautsak, berriro eraikitzen ditu; aberasten jarraitzeko eraiki ere. Autoritateak helburu bakarra du, pentsamendu bakarrean ontzen dena, kultura bakarraren baitan: kapitalaren kulturan irabazia da lehentasuna. Hauxe da Kultura, hitz larritan idatziriko Kultura. Menderatzailea.

 

Xabier Paya DSS2016eko Kultur Programaren Zuzendariak elkarrizketa batean adierazi duenez “gizatalde bat osatzeko, antolatzeko, elkar ulertzeko egon litekezkeen balio, sinismen, portaera eta abar guztiek osatzen dutena litzateke” kultura. Eta hala, kulturaren eremua sozietateko gatazka-gune da. Sozietateetan antolaketa ereduak, balioak, sinesmenak edo portaerak, kasu, etengabeko gatazkan ageri baitira. Feminismoa eta patriarkatua, bi mundu ulerkera eta biziera kontrajarri, gatazka bizian dira. Libreki eratu eta koordinaturiko taldeen baitan jerarkia oro ezabatzearen praktika, autogestioa alegia, eta kapitalismoa sostengatzen duten diziplina instituzioak bateraezinak diren era berean.

 

Eta gatazka horretan, klase menderatzaileek beren kultura hedatzen dute menderakuntza finkatu asmoz. Hondeamakinekin batzuetan; arautuz jarduera oro bestetan; kontrol mekanismo sotilekin gehienetan. Ezartzen zaizkigun diziplina eta salbuespen egoerek ahanztura dute helburu; aniztasuna baliogabetu dezagun ahantzi; ez ditzagun bestelako jakintzak, kulturak alegia, igarri. Baina kultura ez da bat eta bakarra. Kulturak dira. Popularrak batzuk. Sozietateko harremanetan mendekotasun egoeran gaudenon kulturak dira kultura popularrak.

 

Arrastoei segika, bestelako efemerideak aurkituko ditugu. Ospatzekoak asko. 2015ean hogei urte bete ditu Letaman Intxaurrondoko Gaztetxeak, Donostian inoiz denboran gehien iraun duen espazio autogestionatua. Eta beste horrenbeste Ttan Ttakun Donostiako Irrati Euskaldun Libreak. Bata zein bestea, kultura popularren adierazle. Aisia, baina baita egiteko moduak ere, komunikatzekoak, formatzekoak, harremanak garatzekoak. Firestone (Añorga) fabrika berreskuratua ere badugu. Prekarietate egoeren aurrean, bizi eta lan baldintzen duintasun emozional nahiz materialak saiatuz, elkarlaguntza eta elkarrekintza, elkartasuna funtsean oinarri duen kultura popularraren laborategi. Klase menderatuek, kulturaren bitartez, klase bezala birsortu eta menderakuntzari aurre egiten baitiote.

 

Arrasto hauek eta gehiago utzi ditu azkenetan den urteak. Eta esperientzia eta bizipenok balioan jartzeko, aldarrikatzeko, oroimenean lekutzeko aukera(k) zabaldu nahi d(it)ugu. Oroimena, memoria, eraldaketaren osagai behinena baitugu. Halaber, autogestioa, proiektua eta praktika ez ezik, mugimendua dugu; inolaz ere eredu amaitua. Jauzika eta oldarka, gainera datorkigun urtean zehar galderak zorroztu beharko ditugu, erantzun berriak asmatu. Asmatu, baita ere, dagoeneko idatzia eta ondo idatzia dirudien kontakizunaren hasera berriak; irekiak eta irekitzear ditugun arrakaletan ihesaldiak, sartu-irtenak.

 

Ospatu ditzagun elkarrekin urteko borroka eta ahaleginak, garaipenak eta derrotak Izan direnak edo beste batetarako utzi ditugunak…eta ez dira gutxi! Sartu gaitezen kultura popularrek zabaldutako arrakaletatik Europaren eta Kapitalaren urtean! Gozatu Letaman, gozatu harremanak, goza gaitezen elkarri! Eta egin iseka autoritateari!

 

 

 

 

 

URTEZAHAR GAUEN OSPATU HERRI KULTURAK LETAMAN GAZTETXEAN.

 

1:00etan Gaztetxearen irekiera eta Intxaurrondoko Gazte Asanbladaren brindisa.

 

2:00etatik aurrera Karaokea.

 

3:00etan donostialdeako proiektu eta esperientzia autogestionatuen aldeko brindisa/topa. Izan diren, diren eta izango direnen alde!

 

GORA KAPITALIK GABEKO KULTURA! GORA KULTURA POPULARRAK! GORA KORTXOENEA! GORA ITSASGAIN! GORA TXANTXARREKA! GORA LETAMAN! GORA FIRESTONE ETA BESTE GUZTIAK!

 

3:30etatik aurrera musika eta zarata egiteko aukera. Urte berria musika eginez hasi nahi duzula?…hona aukera!

 

Eta gero BASANABASA-rekin dantza eta parranda!

 

Gauean zehar proiekzioak, argazki kolektiboa(k)…

 

Gaueko irabaziak Letaman Gaztetxearen eraberritze lanen eta Kortxoeneako protestetan auziperatutako lagunen epaiketa gastuak laguntzeko erabiliko dira.