okupazioa

Apirilaren 20tik 28ra La Kelo gaztetxearen urteurrena, Zorionak!

Apirilaren 21ean JAION Irunen

“Aldarrikatu zure orbita – Odisea 2012” lelopean, 9. Jaion kontzertu ibiltaria antolatuko du Lakaxita Gaztetxeak apirilaren 21an. Aldi berean, gaztetxearen 7. urteurrena ospatuko dute.

Okupazioa ez da delitua!

“DESALOJO BAT, BESTE OKUPAZIO BAT!” dio lema ezagunak, eta Grosen hala izan zen. Urtebeteko okupazioaren ondoren 2010eko ekainean hustu zuten auzoko “Villa Angela” etxebizitza okupatua, eta honen eskutik iritsi zen egun auzoko gaztetxea dugun Kortxoenearen okupazioa.

Orain, epaitegietan dago kasua, eta auzoko hiru gaztek 5 hilabeteko espetxe zigor eskaerari egin behar diote aurre asteazkenean, martxoak 7, burutuko den epaiketan.

Kortxoeneatik gure elkartasuna helarazi nahi diegu epaituko dituzten gazteei, eta ozen aldarrikatu nahi dugu okupazioa zilegi dela.

OKUPAZIOA EZ DA DELITUA!

Kukutza astea egingo dute Oñatin

Kukutza astea egingo dute Oñatin from Goiena Komunikazio Taldea on Vimeo.

Kulturaren hilabetea izango da otsaila Oñatin eta horren barruan, Kukutza astea antolatu dute lehenengo asterako. Hainbat ekintza izango dira, besteak beste: tailerrak, antzerkia, bazkaria eta kontzertuak.

ZORIONAK ETA ESKERRIK ASKO DENOI!

Sentituz: Proiektu hau sentitzen dugun gazteak gara. Bizi eredu eta ideia batzuen alde nahi duguna egiteko eta lortzeko gai garela sentitzen dugunak. Sentituz, sinetsiz gauza ikaragarriak egiteko gai garela ikusi dugu. Autogestioaren bidetik, asanbladen indarrez eta denon parte hartzearekin geldiezinak garela erakutsiko dugu berriro ere, eman dizkiguten golpeen gainetik, desalojo eta erasoen gainetik gure ametsek eta sentimenduek dirauten bitartean gelndiezinak garela erakutsiko diegu.
Pentsatuz: 5 urte hauetan koherentziaz jarduten ahalegindu gara, auzoarentzako zer nahi dugun eta zer behar den pentsatuz. Lan modu ezberdinak sortuz batzutan, proiektu berriak aurrera eramanez bestetan…. Eta beste gauza batzuetan pentsatzen askotan, (fatxadaren kolorea, kartelen diseinua, egindako afarien menuak… Hau ere konstruktiboa izan daiteke…). Ez dira gutxi izan pentsatu gabe egindako gauzak eta nola ez akatsak izan ditugulaz  ere kontziente gara, baina badakigu pixkanaka ikasi eta osotuz goazela, bide onetik goazela eta hau hasiera besterik ez dela. Lokalak itxi dizkigute, identifikatuak, erasotuak eta epaituak ere izan gara,  baina gure pentsamendu eta ideiak ez dira aldatu, horretan datza gure indarra!
Okupatuz: Okupazioa da, izan da eta izango da gure sentipen eta pentsamendu guztiak adierazteko tresna. Okupazioa ezarritako sistemari aurre egiteko, beharrrezkoa den alternatiba eskaintzeko, gazteon antolatzeko eta autogestiorako ahalmenari bide emateko. Azken finean gu geu izateko!
Behar bati emandako erantzuna da okupazioa, eskaintzen ez diguten guzti hori lortzeko bidea, sisteman lekurik ez duela suposatzen den guzti hori biltzeko gai dena, eta ilusioz eta lanaren eraginez edozein gauza lortzeko tresna indartsua.
Desalojoen gainetik 7 katu gaztetxeak bizirik dirau, inoiz baino indar gehiagorekin eta gehiago hazteko asmoz. Olatu geldiezina sortzera goaz. Presta daitezela…
Okupazioa da bidea!!
Gaztetxe eta gazte asanbladak aurrera!
7 Katu gaztetxean, 5 urte Sentituz, Pentsatuz… OKUPATUZ!!

———www.7katugaztetxea.com———
7 Katu Gaztetxearen kanta KALEAN DA. Eskerrik asko ITZIARREN SEMEAK!!!

Delitua ala eskubidea?

Hemen duzue Berria egunkarian argitaratutako erreportai interesgarri bat:

OKUPAZIOA, DELITUA ALA ESKUBIDEA?

Bidegurutzearen erdigunean egon ohi da okupazio mugimendua, jabetza pribatuaren defentsaren eta espazioak erabiltzearen funtzio sozialaren artean; sistema ekonomikoari eta erakunde publikoei egiten dien kaltearen eta inguruko bizilagunei ematen dien onuren artean. Baina abandonatutako eraikin bat garbitzea, pintatzea, berrerabiltzea, bizitasuna ematea delitua da? Delitu izan daiteke, ekintza horren helburua etxebizitzarako eskubidea aldarrikatzea eta gauzatzea bada?

«Delitua, definizioz, gizartearen ustez zigortu beharreko jarrera bat da», erantzun du Iñaki Carro Bilboko Okupazio Bulegoko kide eta abokatuak. Bizkaiko Lurralde Auzitegiak aztertu dituen usurpatze kasuei buruz datu deigarri bat eman du: ia berrehun epaietako bi herenetan, artxibatzearen edo absoluzioaren alde agertu dira epaileak. 2009aren hasieran izandako auzia ere jarri du adibide, Bilboko Erribera kaleko etxea okupatu zuten hogei gazte epaitu zituztenekoa: «Denek onartu zuten etxean bizi izan zirela, eta batzuek diskurtso politikoa ere bota zuten espekulazioaren kontra. Espero genuena gertatu zen: absoluzioa».


Hortaz, noiz hasi eta noiz bukatzen da delitua? «Normalean, gakoa da eraikina abandonatuta egotea», azaldu du abokatuak. Abandonua ere kontzeptu subjektiboa izan daiteke, ordea. Baita denboraren aldetik neurtuta ere: «Kode Zibilak abandonutzat jotzen du eraikina urtebetez erabili gabe edukitzea; niri gutxi iruditzen zait. Normalean, hamar urtetik aurrera hitz egiten da argi abandonuaz». Baina Carroren arabera, alde kualitatiboari begiratzen diote epaileek, hau da, «eraikinak bere funtzio soziala ez betetzeari».

Izan ere, hori da, abokatuaren ustez, jabetza pribatuak duen muga. «Jendea oker dabil pentsatzen badu jabeek eskubidea dutela etxea hutsik edukitzeko. Ez dago eskubide absoluturik: jabetzaren funtzio soziala errespetatu behar da, eta etxebizitza bat hutsik uztea horren kontra doa, jabetza txarto erabiltzea da».

Bilboko Okupazio Bulegoaren arabera, hiriburuan soilik 16.000 etxebizitza daude hutsik. «Baina merkatura 200 bakarrik ateratzen dituzte», azaldu du abokatuak; ondorioz, alokairuen eta hipoteken prezioa izugarri igotzen da. «16.000ko eskaintza egongo balitz, merkeagoak lirateke. Jakitun izan ala ez, etxeak hutsik dauzkatenak prezioak artifizialki igotzen ari dira».

Hori da, hain justu, okupazio mugimenduaren helburua, «espekulazioaren espiralaren aurka borrokatzea». Eta hala ulertzen dute epaileek ere. «Kode Zibilak dio etxe baten jabe bihur zaitezkeela, bertan 30 urte biziz gero. Hori kontuan hartuta, epaileek ondorioztatzen dute okupazioa ez dela delitua», azaldu du Carrok. «Kontrakoa», erantsi du, delitua abandonatzea eta espekulatzea izan beharko litzatekeela adierazteko. Espainiako Konstituzioan oinarria izango luke: «47. artikuluak dio herritar guztiek dutela etxebizitzarako eskubidea eta botere publikoek lurzoruaren erabilera arautu behar dutela, espekulazioa saihesteko».

Bide zibiletik zigorretara

Legediak, baina, okupazioa kriminalizatzera jo izan du. 1995ean Espainiako Zigor Kodeak delitu izendatu zuen, eta ordura arte bide zibiletik jorratutakoa arlo penalera igaro zen. «Bi urte eta lau hilabeteko espetxe zigorrak ezartzeko aukera ematen du, baina ez da inoiz halakorik aplikatu», zehaztu du Robert Gonzalezek. Bartzelonako Unibertsitate Autonomoan Zientzia Politikoetako doktorea eta Soziologia irakaslea da, eta okupazioak politika publikoetan izandako eragina ikertu du. Ordena publikoaren inguruko politiketan izan du eraginik okerrena: errepresioa. «Baina sistema judizialean kritikak egon dira, legegilea urrunegi joan delakoan jabetza pribatuaren defentsan, etxebizitzarako eskubidearen inguruan».

Alde handia dago, beraz, epaitegiek ondorioztatzen dutenaren eta bestelako erakunde publikoek adierazten dutenaren artean. «Botere publikoek kriminalizazio diskurtsoak egiten dituzte batik bat, baina praktikan zigor kodea ez da azkeneraino aplikatu. Ematen du sistema bera konturatu dela mugimendu honen aurkako errepresioa neurrigabea dela», dio Gonzalezek.

Erakundeen diskurtso horiek, baina, ez dira kasualitatezkoak, soziologoaren ustez: «Mugimenduaren aurkako errepresioa legitimatzen saiatzeko modu bat da. Okupazioak min egiten die, sistema kapitalistaren injustiziak salatzen dituelako». «Postaletan agertzen den hiriaren ereduan traba egiten diegu», erantsi du Asierrek, Kukutzako asanbladako kideak, Bilboko Udalari buruz: «Erreferente bat izatera heldu ginen, eta horrek kosk egiten zien».

Irailean hustu eta eraitsi zuten Errekaldeko gaztetxea. Okupazioak gizartean duen onespenaren sinbolo bihurtu zen egun haietan Kukutza III, eta horren seinale izan ziren erresistentzia brigadak, eragileen sostengua, protestak… «Okupazioa legitimatu zen», dio Asierrek, eta mugimenduaren ospe txarra ere aldatu egin zela gaineratu: «Askok pentsatzen zuten okupazioa zela punk batzuk etxean sartzen zitzaizkizula oporretan zeundenean, baina uste dut ikusi zutela jende normala garela, mugimenduan aniztasuna dagoela eta arazo batek elkartzen gaituela: gazteontzako etxebizitzarik ez dagoela, ezta sortzeko edo hitz egiteko espazio publikorik ere».

Ondoan ditu Ibai, Kukutzakoa hura ere, eta Gisele, Bilboko 7katu gaztetxeko kidea. «Oihartzun mediatiko ikaragarria» izandako egun haiek bainoago, Giselek nahiago du hamahiru urtez egindako lana nabarmendu: «Jendearen sostengua eguneroko lanarekin lortzen da, eta Kukutzarekin hala gertatu zen: zalaparta guztia hasi zenean bazuen auzoaren ia gehiengoa alde».

Euskal Herritik kanpo, Kukutzaz gain, Iruñean 1994tik 2004ra jardunean izandako Euskal Jai gaztetxea hustu zuteneko «manifestazio erraldoiak» geratu zaizkio oroimenean iltzatuta Gonzalezi: «Kanpaina mediatikoen eta botere politikoen adierazpenen gainetik, sostengu handia lortu zuten. Azken batean, okupazio mugimenduaren diskurtsoak eta biztanle askoren sen onak bat egiten dute». Zenbait ikerketa aipatu ditu, mugimenduak «sinpatia maila nahiko altua» duela berresteko, «batez ere mugimenduak salatzen duen injustiziaz jabetzen direlako».

Hori dela eta, gizarte legitimazioaz mintzatzean, bi pertzepzio bereizi ditu soziologoak: batetik, iritzi publikoaren joera, komunikabide handiek gidatua, eta, bestetik, okupatutako eraikinetatik hurbil bizi direnena. Hark ere Kukutza ezagutu zuen: «Bizilagunek begi onez ikusten dituzte halako gizarte etxeak: urte askoan sendotzen dira, auzoari irekita funtzionatzen dute, askotariko jarduerak egiten dituzte…».

Mugimenduan bertan lantzen da bizikidetza hori. «Auzoan lan handia egin dugu bizilagunei azaltzeko okupazioaren ideia», azaldu du Giselek, 7katuri buruz. Lokal edo eraikin bat okupatu berritan, bizilagunak beldur izaten direla onartu du, «asanbladak kudeatuko duelako, asanblada hori gazteek osatuko dutelako…». Baina azkenean egunerokoak erakusten du haien lana: «Zarata handiegirik ez ateratzen saiatzen gara, auzokoekin biltzen gara, esaten diegu arazorik edukiz gero etortzeko…».

Bilboko Zazpikaleetako Dendarikalen berriki okupatutako etxearen eraikinean bizi direnak ere «pozarren» daude, Carro abokatuak esan duenez. Ohikoa da: «Etxe batean inor bizi ez denean, hezetasun handia dago, zikinkeria, arratoiak eta bestelako izurriteak agertzen dira…».

Sistemari pitzadurak

Carroren aburuz, enpresa askoren estrategiaren parte da: «Eraikin historiko bat erosten dute, eta udalek ez dietenez botatzeko baimenik emango, bakarrik eror dadin itxaroten dute». Planok zapuzten ditu okupazioak, «negozioa apurtzen die». Hain justu, pitzadura hori eragin nahi dute sistema kapitalistan, Ibairen hitzetan: «Espekulazioa dirua egiteko modu erraza izan da askorentzat, eta okupazio mugimenduak oso ondo jokatu du sistema horren aurka. Etxe hutsak eta erabili gabeak dauzkate espekulatzeko; horren kontra nola egin? Okupatuz, eta bizitza emanez».

Gonzalezen ustez, baina, «zoritxarrez» okupazioak ez du eragin handirik izan etxebizitzaren esparruan: «Eraikitzaileen eta finantzen sektoreak menderatzen ditu etxebizitza politikak, eta sektore pribatua oso itxia da, gizarte mugimenduen eraginari dagokionez».

Aldiz, mugimenduaren eragina nabarmenagoa izan da gazteei begirako politika publikoetan, «politikagintzan esparru nuklearra ez den arren». Hainbat tokitan, udal administrazioekin adostuta lortu dute gazteek espazio bat. Akordio horiek okupazio mugimendua legitimatzen dutela uste du soziologoak: «Espazio bat emateak frogatzen du espazio horren beharra bazegoela».

Deustuko Gazte Lokalak hogei urte bete berri ditu hala, Bilbon. Garai berean hitzartu zen Iralako Gazte Lokala ere, «eta udalak itxi egin zuen egun batetik bestera», Giselek gogorarazi duenez: «Belaunaldi aldaketa bat egon zen, denbora behar zuten ikasten joateko, martxan jartzen ari ziren… baina udalak erabaki zuen proiektua ez zihoala inora».

Gonzalezek onartu du kontraesan handiak antzematen direla akordioetan. Adibidez, bitxia da negoziazioak errazagoak izatea Madrilen, udalean zein erkidegoan PP agintean egonda, eta Katalunian zailtasun gehiago edukitzea, PSC-ERC-ICV hirukoa gobernuan izanda. «Alderdi politikoak ez daude prest herritarren autogestioari bide emateko. Eta ezkerreko alderdiek, gainera, lehiakide gisa hartzen dute okupazioaren mugimendua, euren oinarri sozialei begira, eta ez diote espazio gehiago eman nahi».

Mugimenduaren barruan pil-pilean dagoen eztabaidetako bat da, hain justu, erakunde publikoekiko harremana. «Ez dugu behar. Autogestionatzeko gai garela erakutsi dugu», esan du Asierrek. Kritiko jardun beharraren garrantzia nabarmendu du Ibaik: «Instituzioekiko erlazioek konfrontaziozkoak izan behar dutela uste dut, beti, eta esparru guztietan. Diru laguntzak, azkenean, kontrol modu bat dira». «Horrek sortzen du pitzadura sisteman: geure buruaren jabe izateak eta sormena diruaren gainetik egoteak», adierazi du Giselek.

Gainera, praktikak erakutsi die «ezinezkoa» dela. Kukutzarekin gertatutakoa gogoan du Asierrek: «Udalarekin bildu ginen, sinadurak eraman genituen, irtenbideak proposatu, eta ez zuen ezertako balio izan: iseka egin ziguten; engainatu gintuzten».

Larunbatean, aldarria kalera

Errekaldeko gaztetxea desagertzeak «umezurtz» utzi zuen okupazio mugimendua. «Erreferente» bat zela dio Giselek, oso eraikin handia zelako, han denetarik egiten zelako… «Horrek lanketa bat ekarri zuen antolatzeko moduan, agian beste gaztetxeetan egiten ez dena, espazioak eskatzen ez duelako». Baina beste galera bat utzi du, agerikoagoa: «Espazioa bera jada ez dago, eta han zeudenek arazoak dituzte beren jarduerekin jarraitzeko».

7katu ere erreferente bihurtu da: «Sinbolikoa, lautan bota gaituztelako eta bost aldiz okupatu dugulako». Bihartik aurrera, bosgarren urteurrena ospatuko dute, eta, larunbatean, manifestazioa egingo dute Bilbon. Kukutza bota ostean, gogotsu jarraitzen dutela esateko. Okupazioa gizarte mugimendua dela aldarrikatzeko. Baina Asier haratago doa: «Etxebizitza oinarrizkoa da, beharrezkoa, eta hori erabiltzen ari dira, jendearen sentimenduekin jolasten. Adreiluaren eredua jasangaitza da, ekonomikoki ez ezik, dakartzan balioengatik ere. Okupazioa irtenbide bat izan daiteke, baina niretzat bizimodu bat ere bada. Ni okupatzen bizi naiz, etxe okupatu batean. Batzuetan zaila dena polita ere bada».

Egitaraua

7KATUREN URTEURRENA

Lau aldiz hustu eta bost aldiz okupatu dute Bilboko Zazpikaleetako gazteek 7katu. Urtarrilean, bosgarren urteurrena ospatzen ari da gaztetxea, eta, aste honetan, jardunaldiak antolatu dituzte, 5 urte sentituz, pentsatuz, okupatuz! lelopean:

Urtarrilak 26, osteguna. 18:00etatik aurrera, Kukutzari buruz eztabaidatuko dute, eta ondoren Joseba Sarrionandiaren Kartzelako poemak irakurriko. Gauean, kontzertua: Esne Beltza Sound System.

Urtarrilak 27, ostirala. 18:00etatik aurrera, Kataluniako etxe okupatuen errealitatera hurbilduko dira, eta, 19:00etatik aurrera, kontzertuak: Indarrap, Emauseko Raperoak eta Norte Apache.

Urtarrilak 28, larunbata. Okupazio Eguna izango da. 11:00etan, okupazio topaketak hasiko dira; 13:00etan, Euskal Herriko gaztetxe eta gazte asanbladen arteko olinpiadak egingo dituzte. 17:00etan, manifestazioa abiatuko da Arriagatik,

Gure ametsak dirauen bitartean zuenak egin du! lelopean; ondoren, Zazpikaleak «okupatuko» dituzte, festa auzo guztira zabalduz. Gauean, kontzertua: Itziarren Semeak.

Urtarrilak 29, igandea. 13:00etan, bertso saioa hasiko da Santiago plazan, eta, ondoren, auzo bazkaria. Arratsaldean amaituko dituzte jardunaldiak, «ezusteko batekin».

www.berria.info

Ostiralean manifa: UXOTEGI BIZIRIK!

Hauek dira Uxotegiren desalojoa dela eta izango diren mobilizazioak,
ostegunean burrunbada burutuko da Donostiako Konstituzio plazan eta,
ostiralean, manifestazioa 18:00etan Boulevard-etik hasita.

Desalojoei erantzuteko denok kalera!

UXOTEGI BIZIRIK!!!

Gaztetxeen aldeko manifestazio nazionala burutuko da urtarrilaren 28an Bilbon

Bilboko Okupazio Mugimenduaren oharra:

Bilboko Okupazio Mugimenduak, hurrengo urtarrilaren 28an burutuko duen manifestazio erraldoi baten deialdia luzatzeko batu zaituztegu gaur hemen.

Urteak dira autogestioa eta okupazioa tresnatzat hartuta bizi eredu ezberdin bat eraikitzeko lanean gaudela. Kapitalismo basatiaren indibidualismoaren aurrean, era kolektiboan, elkarlanez, Bilbo, Euskal Herri eta mundu ezberdin bat sortzeari ekin diogu.

Gaztetxeak dira, gaur egun, bizi eredu alternatibo horren adibiderik garbiena, auzoz auzo, herriz herri, kolorez betetako zirrikituak, ametsak egi bihurtzeko esparruak. Hamaika pertsona ezberdinen borondate eta lanari esker, gizarte kutsatu honi bizitza ematen diogu, zuri beltza koloreztatzen dugu.

Merkatuan oinarritutako gizarte honetan, sistema zapaltzaileari pitzadurak sortuko dizkiogu. Badakigu bizitzeko beste era bat dagoela, diruak horrenbeste garrantzi ez duen beste mundu bat, pertsonak eta baloreek garrantzia duten mundua.

Pribatizazio eta espekulazioari aurre eginez Okupazioa tresnatzat, gazteok lokal hutsak bereganatu eta proiektu alternatiboak sortzeari ekin genion, ekin diogu eta ekingo diogu!

Kapitalismoa babesten duten politiko eta instituzioek ez dute horrelako proiektuetan sinisten, haien interesetara mugatutako gizarte bat nahi dute eta horregatik erasotu eta suntsitu nahi gaituzte.

Bilbon eta Euskal Herrian badira horren hamaika adibide:

  • Bilboko Gaztetxea.
  • Iruñeako Euskal Jai Gaztetxea (Polizia Nazionalak bortizki desalojatu eta eraitsia).
  • Santutxuko Sorgintxulo (2004an Bilboko Udalak bortizki desalojatua)
  • Olabeagako Gaztetxea
  • 7 KATUren lau desalojoak, gaur egun bizirik dirau!
  • Eta adibiderik garbiena, urte honetako irailaren 21ean Ertzaintzaren alderik bastiena erakutsiz desalojatu zuten Kukutza III gaztetxea. Edo Gasteizko Zaramaga auzoan gertatutako erasoa

Hala ere, esan behar diegu ez dutela lortu gazteon eta proiektu ezberdin hauetan parte hartzen dugunon ilusioa eta grinarekin bukatzea. Lanean diardugu inoiz baino gogo eta indar gehiagorekin. Argi izan dezatela okupatzen jarraituko dugula! Gure saiakerak, ilegalki desalojatu arren (baimen juridikorik gabe izan bait dira azkenengo desalojoak), gaztetxeak sortzen jarraituko dugu, auzo guztietan, herri guztietan, zirrikitu guztietan! Euskal Herrian, eta batez ere Bilbon, okupatzeari ekin diogu, inoiz baino beharrezkoagoa delako, inoiz baino indar gehiago daukagulako. Kukutza IIIren desalojoa kriston kolpea izan zen herri mugimenduarentzat, baina ez gaituzte gelditu. Burua indartsu altxatuko dugu berriro, eta Bilboko auzo bakoitzean gaztetxea bat egon arte borrokatuko dugu.

Hau guztia aldarrikatzeko, datorren urtarrilaren 28an Arriagan 17,30etan hasiko den manifestazioan parte hartzeko deia luzatu nahi dizuegu gaur.

Pertsona ameslariak gara, koloretazko ideiekin, koloreztatzeko gogoarekin, zuri beltzari kolorea ematen jarraituko dugu. Eskeintzen digutenaren aurrean!Amesten, pentsatzen, okupatzen eta eraikitzen jarraituko dugu! Ez gaituzte geldituko!

GURE AMETSAK DIRAUEN BITARTEAN, ZUENAK EGIN DU!

GAZTETXEAK AURRERA!

Info+ bilbokupa.tk


Gaztetxe baten beharra aldarrikatu dute Honarribin

Hondarribiko Gazte Asanbladak gaztetxe baten beharra aldarrikatu du. Horretarako, jende andana batu duen prentsaurrekoaz gain, Hondarribiko alkatearekin bildu dira aukera posibleak aztertzeko.

Hondarribiko Gazte Asanbladaren oharra:

Eguerdion Zuloaga Etxera hurbildu zareten alderdi, herritar zein hedabide sozial guztiei. Lehenik eta behin eskerrak eman nahi dizkizuegu aretoak itxura ezin hobea duelako.

Bigarrenik, prentsaurrekoa burutzeko deialdiaren arrazoiak azalduko dizkizuegu. Gazte Asanbladak azken hilabeteetan herriari buruzko hausnarketa egin du, bertako koadrila ezberdinengana hurbildu eta gazteon ikuspuntuak jasoaz; eta ondorio batzuk atera ditu.

Batetik, gazteon arteko harremanei dagokienez, konturatu gara Hondarribiko gazte-koadrilak sakabanatuta bizi garela eta gure artean ez dugula erlazio handirik, bakoitza norbere lokal eta txokoetan biltzera mugatzen garelarik, eta honek ez du herri giroaren alde egiten. Gainera, pasibotasunerako eta konformismorako joera, eta gazteoi zuzenean eragiten diguten gaiak kolektibo bezala lantzeko ezintasuna eragiten digu.

Bestetik, aisialdirako, kirolaz gain, ez dago gazteentzako eskaintza handirik. Herriak jai giroan bizitzeko ekimenak eskaintzen ditu. Jai hauek beharrezkotzat jotzen ditugu baina ez dira eraginkorrak erlazionatzeko tresna moduan.

Azkenik, lan eskaintza exkaxa eta etxebizitzen salneurri garestiak direla eta, bertan bizitzea eta lan egitea ezinezkoa dela jabetu gara, gazteak beste herrietara joatea eraginez. Arazo hauek indarrean dagoen gizarte-ereduaren ondorio direla ulertzen dugu eta egoera hau aldatzeko baldintzak sortu nahi ditugu, horretarako, Gaztetxea erreminta garrantzitsutzat kontsideratuz.

Baina zergatik gaztetxea?

Gaztetxearekin koadrilen arteko eta, orokorrean, herritarren arteko sozializazioa bilatzen dugu. Gazteok tailer, hitzaldi, lan eta ekimenetan parte hartuz, elkar erlazionatu eta ezagutuz, belaunaldi ezberdinen bizipenak konpartituz, gure ilusioak gure eskuz gauzatzen ahaleginduz, hanka sartuz noski, baina baita ere ekinean asmatuz, auzolana bultzatuz eta denon artean erabakiak adostuz, oro har, elkarbizitzaren esperientzian heziz eta aberastuz, gizarte zintzoago baten eraikuntzan aurrerapausoak ematea bilatzen dugu.

Ez dugu gure heziketarako esparruak gainbegiratuko dituen instituziorik behar, ezta gure aisia kudeatuko duen azpikontratarik ere. Gure kabuz pentsatzeko gai gara, eta, irudimenari eta sormenari eraginez eta autogestioaren ereduan oinarrituz, gure ametsak egi bihurtzeko gauza ere bagara.

Horrenbestez, gazteak ere herritarrak garenez, udalari gure nahi eta beharrak asetzeko konprometitu dadin eskatzen diogu, gure amets eta proiektuak gauzatzeko leku egoki bat erraztuz. Hau denon artean kudeatutakoa izan beharko luke. Honek babesa duela ziurtatzeko eta erakusteko sinadura bilketari ekin genion eta dagoeneko 1012 lortu ditugu.

Atzo abenduak 16, herriko alkatea den Aitor Kerejetarekin zita genuen, Hondarribian Gaztetxe baten beharra helarazteko. Bilera honetan alkateaz gain, bi zinegotzi eta gazteriako teknikari batekin bildu gara. Proiektuari buruz hitz egiterakoan alkateak zilegitzat jo du. Proiektua gauzatzeko leku posibleak aztertu ditugu eta baten bat baliagarria izan daitekeela ikusi dugu. Lekua konpartitua izango litzakeela esan digute. Udaletxearen erantzun hau aztertzeko eztabaida eta hausnarketa prozesu bati ekingo diogu guztion artean zer egin adosteko. Beraz, hemendik aurrera asanbladak egingo ditugu.

Parte hartu Hondarribian gaztetxea sortzen!

Info+ hondarribikoasanblada.wordpress.com

Kukutzari buruzko liburua argitaratu du Txalapartak


Hemen duzu liburuaren aurkezpena dela eta Kukutzakoek zabaldutako oharra:

15 urte pasa dira Kukutza proiektua 1996. urtean jaio zenetik, eta 2 hilabete bete dira Kukutza III gaztetxea hustu eta eraitsi zutenetik.

Ehunaka bizipen zein erreflexio izan dira gaztetxekideon artean. Ez dira guztiak liburu bakar baten sartzen. Baina saiatu gara ahalik eta esfortzu handiena egiten.

Liburua Kukutzako kideen eta Lutxo Egiaren arteko lanari esker idatzi egin da. “Monti”-k maketatu eta Txalapartak argitaratu egin du. Gogo, esfortzu eta izerdi askoren ondorioa da liburu hau.

Liburuak 18 euro balioko ditu eta kolorezko argazkiak biltzen ditu ere. Liburuak Kukutzako salmenta guneetan zuzenean erosita, epaiketak eta bestelako gastuak ordaintzeko laguntza ematen duzue, beraz badakizue!

Kukutzako salmenta guneak:

Durangon Kukutzak jarriko duen salmenta-gunean(Azokaren kanpoaldean abenduak 4-7)
Durangoko Azokako: Txalapartako gunean(abenduak 4-7)
Errekaldeko KOBLAKARI Zirku artista eta eskuketarien X. Topaketan(abenduak 8-11)
eta laster zuen Herri edo auzoko gaztetxean(eskatuz gero, hara goaz joango gara!)

UXOTEGI GAZTETXEKOEN PRENTSA OHARRA

Uxotegi Gaztetxearen okupazioak izan duen erabilpen politiko eta mediatikoaren ondoten, azken gertaeren aurrean Uxotegiko lagunek prentsa ohar bat kaleratu dute, izan ere ostiralean bertan Donostiako epaitegian zipaioek identifikatutako hiru gazte eta Donostiako alkatearen idazkaria izan ziren deklaratzen. Hona hemen kaleratu duten oharra:


Hainbat komunikabideetan azken egunetan argitaratutako salaketengatik (bereziki Vocento taldekoak) eta eraikinaren barnean zeuden hainbat lagunen inputazioak direla eta;  desalojoaren mehatxu iraunkorra, hala nola, ertzaintzako kideen jazarpen eta intimidaketaren ondorioz, UXOTEGI GAZTETXEAK honako jakinarazpena luzatzea erabaki dugu:

•Zergatik Uxotegi?Auzoko hainbat gazte taledeekin elkarlanean,  gaur egun dagoen eskaintza ludiko zein kultural urriagatik (asteburutan zerbitzatzen den alkohola izan ezik), espazio berria eraikitzearen beharra ikusi genuen, denentzat irekia,  guztiongatik sortua kooperazioan, askea eta sarrera dohaina duena nahi duenarentzat.

•Zergatik eraikin hau?Izaera historikoko eraikina delako (hiriko talde zaharrenekoa),  20 urte baino gehiagoz erabiltzen ez dena eta egoera negargarrian aurkitzen zelako. Egungo egitura kaltetuarekin, eraispenatik gertu (XVI mendeko zurezko egitura duen etxe batean eskonbroak apilatzearen ondorio zuzena). Interbentzio sinple baina neketsuekin hau konpontzea posible izanda, berehala ekin genion lanari. Hona hemen kronologikoki egindako lanak:

  1. Habe kaltetuegien apuntalamendua  (1 argazkia)*
  2. Gehiegizko pisu estrukturalak (obra-hondakin biltegitzat erabiltzearen ondorio zuzena) eta igeltsoak igorritako hezetasun zein gazitasunak (lehio, ate… faltagatik eta fatxadako hainbat irekierengatik) habe zein habexketan sortutako kalteen konponketak.[argazkia 2]*
    Izurriteen kontrola eta elementu toxikoen desinfekzioa: Hegazti, arratoi… Hala nola, hauen gorotz kantitate handia. Baita aurretik okupatu zuten pertsonen zabor ugariak, konponduz guzti honek auzoarentzako suposatzen zuen infekzio arriskua [argazkia 3]*
  3. Lehietako eta beste fatxako beste irekidurek suposatzen zuten zuloen itxiketa (itsaso lerroan egoteak, hezetasunak eta gatzak zurezko egitura kaltetu baitute) [argazkia 4]*
  4. Egitura gainkargatzen zuten obra hondakinen garbiketa burutu dugu, nahiz eta jada konponbiderik gabe egitura kaltetu dute (hainbat solairu ez dira erabilgarriak zoruak eta egiturak erakusten duten egoera tamalgarria dela eta) [argazkia 5]*

* Eraikinaren erreabilitazioa hasi baino lehenegako argazkiak, eraskusgarri postaren amaieran

“El Diario Vasco” panfletoak 11/11/12 an argitaratutako hainbat kritika:
http://www.diariovasco.com/v/20111112/san-sebastian/juez-imputa-secretario-alcalde-20111112.html

SE ESTAN ABANDONANDO ENSERES QUE NO SON SUYOS EN LA VIA PUBLICA:
Ensereekin, suposatu dugu eskonbroei buruz mintzo direla (etxearen funtzio obra-hondakin biltegia zen), zeintzuk jakina, eraikinaren integritate estrukturala ezeztatzen zuten. Honela, hauen garbiketa beharrezkoa zen. Esan behar dugu, eskonbro guztiak ateratzen genituen heinean furgonetaz jaso ditugula, kalean egon ez direlarik minutu pare bat baino gehiago. Furgoneta eduki ez dugunean, asteazkenaren zain egon gara hauek kaleratzeko (zabor bilketaren egunean). Honen erakusgarri dugu, gaur egun ez ditugula inolako kexarik jaso auzoko biztanleen partez, aitzitik, hasieratik babestuak sentitu gara, bihotzez eskertzen duguna.
LA PROPIETARIA DE LA VIVIENDA RECLAMA QUE NO SE HAGAN OBRAS:
Etxearen jabeak, 104 urteko agurea, Madrilen bizi da, 20 urte baino gehiagoz etxea erabiltzeari uko egin diolarik eraikina guztiz abandonatua utzita. Baliteke honen ez erabilpena eta kontrol falta dela eta ez da konturatu obrak (eskonbroen kanporaketam lehio gabeko zein beste zuloen itxiera, habe apurtuen apuntalaketa…) guztiz beharrezkoak direla eraikin historiko hau zutik mantentzeko (hiriko eraikinik zaharrenetakoa). Orain dela urte pare bat udaletxeak zapaian egin behar izandako berriztapenak (familiari ordainduaraziz) noski ez dira nahikoak, ezaugarri hauetako eraikin batean. Horregatik, geuk burututako obrak eta hauen azalpenak postaren hasieran idatzi ditugu.
LA FAMILIA SE MUESTRA PREOCUPADA POR LOS DESMANES POR INCUMPLIMIENTO DE ORDENANZAS MUNICIPALES:
Eraikina eraizpenetik hain gertu aurkituta (bere garrantzi historikoa dela eta) eta abandonatua etxebizitza eskaintza arazoak dituen hiriaren zentruan; Uxotegin, ez ditugu orain bat-bateko kezka hauek ulertzen, ordenanza munizipalen babesen alardean
POSIBLES HURTOS EN EL EDIFICIO:
Nahiz eta etxea aldez aurretik toxikomanoengatik okupatuta egon, hontara sartu ginenean, zeuden altzariak goiko solairutan pilatu genituen. Hau da, aurkitutako altzari guztiak eraikinaren barnean mantendu dira (argi dago inork ez dituela nahi 25 urte baino gehiago dauzkaten animalien gorotzez eta pipiaz jotako altzariak)
LA FAMILIA PIDE AL REGIDOR QUE NO SE TIREN TABIQUES ESTRUCTURALES:
Zalantzarik gabe, gehien arritu gaituenen akusazioa. Eraikinak ez baidauzka (fatxadez gain) karga hormarik, zurezko zutabeen egitura baizik (eraikinarenganako jabe legalen interes faltaren erakusgarri). Hala ere, arkitektoen aholkuez baliatu gara uneoro, ez beharrezko arriskuak saiheztuz.
EL HEDIL DEL ALCALDE SE PERSONA CÓMO RESPONSABLE DE LA OCUPACIÓN
Gezurra, oraingoan ere. Udaletxeak ezta alkateordeak ez dira eraikinaren okupaketan inplikatu. Irailaren 24an gertatutakoaren perbersioaz ulertzen dugu akusaketa hau, non, alkateordeak personifikatutako guardia munizipalen eta gazteen artean bitarteko izan zen. Zeinek eraikinera ez sartzea aholkatu zuen ere (momentu horretan zeukan egoera tamalgarria eta suposatzen zuen arriskua argudiatuz)
Gure erabateko kritika luzatzen dugu hemen ere, udaletxeko aurreko ejekutiboari. Eraizpen arriskuan uzteagatik bere antzinatasuna dela eta, honelako garrantzia duen eraikina (1813ko sutea baino zaharragoa, hiriko kalerik zaharrenekoa izanda). Hala nola, ez dugu ulertzen, neurriak hartu izana alde zaharreko XIX mendeko beste eraikinetan (gehienbat, jarritako bainuontziek sortutako gainkargak arazoak zirela eta) eta ezer ez egitea eraikin honetan, askoz ere zaharragoa eta ahulagoa izanda. Soilik udaletxeak zapaian egindako berriztapenak jabe legalari ordainduaraziz eta jaramonik ez eginez barneko egituraren egoerari. Ezagututa beraz bere egungo egoera, hala nola bere eskonbrera erabilpena (guztiz sutsigarria). Hau, ironikoki udaletxetik metro batzuetara aurkitzen da. Ez soilik kalte konponezinak sortuaz hiriko patrimonio arkitektonikoari,  baita arriskuan jarriaz beheko solairuan dagoen elkarte gastronomikoa. Ez da gainera, hirian eraikin historiko bat galtzen den lehen aldia, Odon Elorza, aurreko ejekutiboaren utzikeria eta konpetentzia faltagatik.

KUKUTZA GAZTETXE BERRIA ILEGALKI HUSTU ZUTEN ATZO ZIPAIOEK

Kukutza II 1998an okupatu ta desalojatu zen. Orduztik hutsik jarraitzen du.

Errekaldeko KUKUTZA III gaztetxea eraitsi eta bi hilabeteren ostean, atzo azaroak 16, gaztetxe proiektua erreibindikatzeko ekintza izan zen Larraskitu kaleko 27. zenbakian, Kukutza II gaztetxea garatu zen eraikinean, hain zuzen ere.

Eraikin hori 1998ko maiatzan okupatu egin zuen Kukutzako asanbladak, eta bi hilabeteren ostean hustu egin zuten jabeak espekulatzen jarraitu nahi zuen eta. 13 urte pasa dira, eta eraikin horrek, Gazte Asanbladak eta Auzo Elkarteak behin baino geihagotan salatu duten bezala hutsik darrai, espekulazioaren bidean.

Bere jabeak, ia 20 urtetan euki du hutsik bere ardurak ekidituz. 2006. urtean, norbaitek borondatez erre egin zuen eraikina eta orduz geroztik, barruko egurrezko estrukturak usteldu egin dira, auzokideentzako osasun arrisku batean bihurtuz.

Ato 27 bat gaztetxekide sartu ziren eraikinean barrukoa garbitzeko prest arratsaldeko 5.30ak aldera, eta 2 ordutan sekulako lana egin genuen, usteldutako estrukturak botatzen. Argi utzi behar da estruktura horiek ez zirela oinarrizkoak, baizik eta estanteriak eta eskilarak. 6.30etarako ertzaintza gerturatu zen gertatzen zena ikustera. Jabearekin hitzegin ostean, desalojoarekin hasi ziren “ariete” batekin atea bota nahian. Azkenean atetik ezin zirela sartu ikusi zutenean, paretan butroi bat egin zuten. Zulotik pare bat gomazko pilota tirokatu zituzten. Behin barruan ordu bat eduki zituzten eskuak buruetan identifikatu bitartean. Generadoreak ematen zuen argia amatatu zenean, kalera atera ta identifikatu ostean libre utzi zituzten, biolentziadun okupazioa leporatuz.

Kukutza gaztetxeko asanbladatik, desalojoa ilegala izan dela badakigu, epaitegiak desalojo agindurik ez baitzuen eman. Hau da, zipaioek epaile bezala ekin zuten. Gertaera hau, beste bitan errepikatu da azkenengo hilabetean, Erandioko gaztetxea eta Donostiko Arte Ederren antzokia udaltzaingoek ilegalki hustu zutenean.

Errekaldek gaztetxe eta gune autogestionatuen guneen beharra dauka, eta instituzioek ezin dute behar hori asetu. Gainera, guztiok ordaindutako instituzio horiek, espekulatzaileen interesak defendatzen dituzte auzokideon interesen gainetik.

Okupazioa beti izango da borroka tresna duin eta efektiboa, jendartean dauden bidegabekeriak azaleratzeko, beste eredu sozial bat eraikitzeko, sortzeko, denona den lurra berreskuratzeko.

Lokartuta nahi gaituzte. Pasiboak nahi gaituzte. Produktu bihurtu nahi gaituzte.

Ez dugu etsiko gaztetxea lortu arte.Errekaldetik ez dira pasako!

Gora Kukutza gaztetxea!
Gora Errekalde!
Gora Euskal Herriko ta mundu osoko gaztetxeak!

Go to Top