Nor gara

Groseko Gazte Asanbladaren historia:

Gaur egungo Gazte Asanblada ez da auzoan sorturiko lehenengo Gazte Asanblada, izan ere, aspaldi hasi zen Groseko Gazte Asanblada lehenengo urratsak egiten, 1985 urte inguruan. Auzoko gazteen beharrak aztertu eta behar horiei erantzuteko eta beren aisia beren kabuz antolatzeko asmoz. Donostiako beste Gazte Asanblada batzuen esperientziak erakarrita, Donostian Groseko Institutuko lagun talde bat elkartu, eta kartelen bidez bilera baterako deia eginez, Gazte Asanblada abian jartzea lortu zuten.

Lehenengo Asanblada hark auzo elkartean egiten zituen bilerak eta ekitaldi asko. Irteerak, tailerrak, Gazte Astea, kontzertuak, ikastaroakā€¦ antolatzen zituen. Baina Gazte Asanbladaren beraren ekintzez gainera, auzoko beste hainbat herri ekimenetan parte hartzen, auzoko taldeekin batera (euskaltegiak, ikastetxeak, Kultur Etxea): sanjoanetan, inauterietan, santo tomasetanā€¦ Horrez gainera, Donostiako gainerako gazteekin lankidetza estuan jardun zuen, Donostiako Gazte Asanbladen Koordinadoran.

Gaur egungo gazte asanblada 2000. urtean sortu genuen. Lehenengo bilera Kultur etxean egin genuen urte horretako abenduan eta jende ugari etorri zen. Hasiera batean martxa hartzea kostatu bazitzaigun ere ekimen ezberdinak burutu genituen, gau misteriotsua, ipuin kontalaria…

Lehenengo bilera hauetan auzoan genuen gazte aniztasuna eta gure artean zegoen ezagutza falta ikusirik aisialdi eredu alternatiboak jorratzea erabaki genuen, orduko ereduak ez baitzuen lortu nahi genuen auzo giroa bultzatzen.

Denborarekin aisialdia jorratzetik auzoko gazte problematika ezberdinak lantzera igaro ginen, adibidez gune liberatuen aldeko borroka, bizitza autogestionatzen laguntzeko eta gure buruak hezteko tailerrak eta abar. Hori guztia beti ere aisialdian oinarrituz.

Lehenengo urteetan ez genuen batzarrak egiteko leku finkorik, eta kalean egiten genituen bilerak, baina 2001etik aurrera auzo elkartearen lokaletan bildu izan gera, 2010eko ekainaren 26an Kortxoenea okupatu genuen arte.

KORTXOENEA gaztetxearen historia:

50. Hamarkadan, Indianoene kaleko kortxo eta txapa fabrika ospetsuak, gainbehera egin zuen, honen jabea hil ondorengo urteetan. Garai hartan, eraikinak maiz pairatu zituen suteak direla eta, erabat utzi eta ahaztua geratu zen 1983. Urtean Zurriola Ikastolak erosi zuen arte. Ikastolak, antzerki areto bilakatu zuen guraso eta irakasleen auzolanari esker. Fabrika zaharkitu hark, kultur gune kutsua hartu zuelarik. Duela urte gutxi batzuk, Zurriola handitzeko lanak aurrera eraman ahal izateko, Indianoene kaleko eraikina promotore bati saldu behar izan zion arte.

Urte hauetan zehar, gunea hutsik eta erabat utzita geratu zen. Espekulaziora bideratua. Hori dela eta hainbat sute jaso ziren bizilagun eta eraikinaren kaltetan.

Errealitate hau ikusirik, Gros auzoko gazteok eraikina berreskuratzea erabaki genuen. Gaur egungo, Donostia elitista, diruzale eta hipokritaren mugetatik at dagoen eremu aske bat eraikiz. Bere lege, jende eta kultura propioarekin. Kortxoenea beraren mugetan indartu, hazi eta kanpora hedatzeko asmoz. Urratsez urrats, hain beharrezkoa dugun mundu berri horren sorreran.

Ekainean lanean hasi ginenetik, eraikina konpondu eta atontzearekin batera hainbat izan dira Kortxoeneak bultzatu dituen ekimenak. Hala nola, antzerki, bertso saio, kontzertu, hitzaldi, poesia errezitaldi ,tailer eta proiektu zerrenda luze bat.

Funtsean, Kortxoenea Gaztetxeak, guztion bizitza askatzen duen alternatiba kultural, sozial, politiko eta kolektiboak garatzea ahalbidetzen duen gune aske, autogestionatu eta asanblearioa da.

Utzi erantzuna

Zure e-posta helbidea ez da argitaratuko. Beharrezko eremuak * markatuta daude

Go to Top